domingo, 17 de octubre de 2010

Frontoi tristea, partida kaxkarra

Bigarren mailako lau eta erdikoari hasiera eman zaio gaur Eibarko Astelena frontoian Gorka eta Merino II-aren arteko leiarekin. Frontoia triste zegoen, publiko gutxi bildu da frontoian baina zeudenak gogotsu animatzen zituzten bi pelotariak, Ezcaray-tar afizionatuak eta Villar de la Torrekoak ageri ziren goiko harmailetan, Gorka eta Merinoren lagunak. Orain dela hilabete bat debuta egin zuen Gorka Logroñoko Adarraga pilotalekuan, patxadaz jokatu zuen, behar zuenean arriskatuz, baina gaur beste Gorka bat ikusi dugu, urduri hasi da, bere lekua topatu ezinik, Merino IIak aldiz bazekien nola jokatu behar zuen, luze jokatzen hasi da, ezkerkada dotoreak joz eta Ezcaraytarra dominatuz. Gorka guztiz deseroso zebilen, Merinoren bizkarra baino ez zuen ikusten piloteoan, eta aurrera egiten zuen bakoitzen huts egiten zuen.


Hiru berdinketa segidan izan dira partidan zehar (1-1, 2-2 eta 3-3) baina hirugarren tantotik aurrera David Merinoren nagusitasuna gero eta nabariagoa zen, Gorkak sakea eskuratzen zuen bakoitzen ezin izan du 3 tanto jarraian egin, eta horrela oso zaila da partida irabaztea atzetik zoiazenean. Partida kaxkarra izan da bien aldetik, piloteo klasikorik ez dugu ikusi, jokoa hirugarren koadroan egiten zuten eta hortik etorri dira huts gehienak, Villar de la Torreko atzelariak 3 pilota on bota ditu txapa-behera eta Gorkak ez du gantxo onik egin partida osoan zehar. Azkenean emaitza 22 -10 Merino IIaren alde izan da, partidak 40 minutu iraun du baina ez du jendearen pilota gosea asetu.

Frontoi tristeetan partida onik ez esan ohi dute zaletuek eta hala izan da.

-Iñaki eta Adrian-

No hay comentarios:

Publicar un comentario